Pilota

Pilota

NOIZ JOKATZEN DA ETA TXAPELKETAK


Arizalak geroz eta biztanle gutxiago dituenez, geroz eta erabilera gutxiago ematen diote pilotalekuari. Gaur egun oso jende gutxi hurbiltzen da bertara jokatzera. Astean zehar, lehen esan dugun bezala, herriko gazteek Lizarran jokatzen dute, asteburuan berriz, bizpairu pertsona hurbiltzen dira pilotalekura. Udan ere, ohikoa denez herriko biztanleria hazten da eta klaserik ez dagoenez, gazteek ordu gehiago ematen dituzte frontoian. Ordutegiaren aldetik egunean zehar ez dago inolako arazorik edoizein ordutan jokatzeko, frontoiaren eskuin horma etxe batena izan arren, baina gauetan debekaturik dago bertan jokatzea. Beste aldetik, eguraldiari begira, oso aldakorra da urtean zehar, neguan hotza, haizea eta euria gailentzen direlako. Hala ere, eguraldia desegokia denean, aurretik adierazi dugun bezala, eliz atarian jokatzen da.


Historian zehar eta azken ehun urte hauetan zehar nagusiki, Arizalako frontoian ez dira txapelketa ofizialik egin, horrek ez du esan nahi ez direnik partidu edo txapelketarik jokatu, herrikoiak izan arren. Norgehiagoka hauek nagusiki, herriko jaietan jokatzen ziren. Urtero urtero, Deierriko udalerriak abuztuko azken astean (Arizalako jaietan) eskupilota txapelketa txiki bat antolatzen zuen, zeinean herriko edota inguruko edonork parte har zezakeen. Txapelketa hauetan, gizonak edo mutil gazteak ziren partehartzaileak, emakumeak ez baitzuten parte hartzen. Lehiaketa hauek kaleratze sistema bat jarraitzen zuten, partida kopurua parte hartzaile kopuruaren araberakoa zen eta buruz buru jokatzen zen. Irabazleak sari simboliko bat jasotzen zuen. Esan beharra dago, txapelketa herrikoia izan arren, hainbat pilotari ezagun pasatu direla frontoi honetatik, adibidez: Aritz Begino, Jorge Yaniz, Pedro Martinez de Eulate, Patxi Ruiz, Alfredo Balerdi eta Iñigo Pascual beste askoren artean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario